XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gainerako eskualdeen kontra agintariek agian ez dute ezer edukiko, baina garapenik gabe geratu dira.

Atzeraturik gelditu diren eskualde horietako biztanleei gune garatura emigratzeko aukera eskaintzen zaie, eta horixe egiten dute gehienek.

Emigratu dezaketelarik ez da kexa larririk sortzen eta ez dute beren jatorrizko eskualdearen garapenik eskatzen. Sistema hau arazorik gabe dabil bada.

Hala ere, une batean eta dena delako arrazoiengatik, gune atzeratuko pertsona batzuk beren eskualdea aurrerabidean jartzeko ekintzak burutzen hasten dira, hola bertako biztanleek inora emigratu beharrik eduki ez dezaten.

Hasieran jende gutxik heltzen dio aukera honi, ez baitute argi ikusten beren eskualdearen garapena posible denik. Baina apurka-apurka gero eta gehiago dira beren herrialdean geratu nahi eta horretarako behar den eskualde-garapena lortzeko presio egingo dutenak.

Aukera berri horrek lehendik bazebilen sistema bati desorekak sortarazi dizkio.

Alta, uste dut mundu guztiak onartuko duela emigratu barik beren eskualdean gelditu eta hura sustatzeko hautua egin zutenek eskubide osoa zutela horretarako.

Eskubidea ez ezik, justiziazkotzat ere har daiteke. Emigratu zein geratzeko posibilitatea izanik, ez dago dudarik jende gehienak gurago izango duela azken hau.

Beraz aukera hori ahalbidetzeko bitartekoak jartzea giza interesen alde ekitea da.

Antzekoa da hizkuntz nazionalismoak egiten duena. Minorizatutako hizkuntza bizitzako arlo guztietan erabiltzeko egokitzeari heltzen dio eta beharrezko ofizialtasun-estatusa lortzeko borrokatzen da.

Hau ez da herri xeheak darabilen berbetarekin zerikusi gabeko kontua.

Hobsbawmek deskonektatu egiten ditu hizkuntza ofiziala eta mintzatua, hari horren existentziak ardura ez balio bezala eta honek haren izaeraz axola gabe iraun ahalko balu bezala: gehienetan hizkuntza zahar eta berriak [ama-hizkuntzak eta Estatuko ofizialak] sinbiosian bizi ziren, bakoitza bere esfera propioan. eta [ama] hizkuntza hauen estatus ofizialak ez zeukan garrantzirik, kultur edo erabilera ofizialeko hizkuntza edozein izanik ere, [ama-hizkuntza] euren eskuetan baitzegoen (Hobsbawm 1990: 114).

Soziolinguistika dagoenetik badakigu, gure egunotan hizkuntza mintzatu batek bere eskola, bulegoa eta komunikabideak ez baditu ezin iraungo duela.

Biziraupenerako ezinbesteko baldintza da. Baina Hobsbawmek horretaz ideiarik ere ez daukala dirudi.

Erabat makurra da hizkuntza minorizatudun herri xeheak nazionalismo linguistikoagatik interes handirik erakusten ez duela esatea, beren hizkuntzak ardura ez balie bezala.

Intelektual indigenistak omen dira ere eta ez indiarrak eskolan bertako hizkuntzetan irakastea eskatzen dutenak.

Arazoa benetan hautatzeko aukera balego legez planteatzen du Hobsbawmek.

Zertarako nahiko dute indiarrek beren hizkuntzan alfabetatu, jakinik goi-irakaskuntzan, administrazioan eta Estatuko beste edozein arlotan sartzeko gaztelania dela balioko dien bakarra? Norbere hizkuntza gorde baina marginaturik egon, edo hizkuntza arrotza hartu baina sozialki hobetu: hor ez dago libreki aukeratzerik.

Hizkuntza bati bideragarritasuna ukaturik jendeak haren eskaria ez egiteak ez du ezer esan nahi hizkuntza horrenganako atxikiduraz.

Esperientziak erakusten du hizkuntza bat normaltasunez bizitzeko egokitzen denean, lehen hari uko egin eta Estatukoa hartzen zutenek orain nahiago dutela berena.